BERTSOUND SYSTEM

AZALPENA

Bertsolaritzaren eta musika beltzaren arteko maitasun harremana da Bertsound Systema. Bertsolariak eta rap/reggae abeslariak eskutik hartuta, lehia sano eta aberasgarri batean. Errespetuz eta arima iraultzaileaz osatutako mezu inprobisatuak; euskaraz, bat batekoak. Bertsoak, reggae/rap baseak, break dantzariak, graffitiak eta harreman hau beteagoa egiteko egoki ikusten ditugun tresna guztiak elkarrekin, oholtzan elkartuta. Euskal kulturaren aberasgarri eta musika beltzaren osagarri. Ilusio eta energiaz betetako lagun taldearen ametsa, egi bihurtuta. 

 

Kuña hau grabatu genuen Molotoff Irratiko estudioan, Xabier Silveira bertsolaria eta Maisha MC rap abeslariarekin Bertsound Systema iragarriz...

Bertsound systemaren aurretik, ezin falta lagun arteko afari goxoa :-)

Rap musikaren barruan, ohikoa da abeslariek kantuen letrak momentuan inprobisatzea (teorian behintzat). Zuzenekoetan ematen da askotan (nahiz eta gehienetan abestutako kantuek letrak aurrez idatzita dauden) eta bi abeslarien arteko aurrez aurrekoan, bereziki (gazteleraz batalla de gallos deitzen den horretan). Abeslariek letrak inprobisatzeko duten trebezia neurtzen da horrela. 

Munduko kultur askotan egon dira inprobisatzaileak (zaharrenak direnetan, bereziki). Kantu edo errimen bitartez, momentuan inprobisatutako letrekin, mezuak zabaldu dituzte non nahi (idazkera horren zabalduta ez zegoen garaian, bereziki). 
Euskal Herrian, bertsolari deitzen diegu. 
Musika beltzaren eta euskal kulturaren arteko elkar ezagutza eta maitasun harremana bultzatu nahiean, Bertso sound system edo Bertsound System bezala izendatu genituen saioak antolatu genituen (azken izendapen hori Unai Muñoa bertsolariak asmatu zuen :-) 

Ideia sinplea zen. Rap abeslariak eta bertsolariak aurrez aurre jarri eta rap edo reggaeko base erritmiko baten gainean inprobisatzea. Guztia break dantzarien, grafittien eta musika beltzaren magiaz inguratuta. 

Endika 121 Krew eta Xabier Silbeira aurrez aurre, Donostiko  Bukoswki tabernan.


Saioa bera inprobisazio hutsa zen. Ez genuen inungo ensaio edo antzekorik egiten, eta horrek freskotasuna ematen bazion ere, emanaldia oso itxuroso ez geratzeko arriskua ere bazuen. 

Zorionez, horrelako erronkari aurre egitera hausartzen ziren artixta paregabeak izan genituen eta saioak ere horrelakoak izan ziren :-) 

Lasarteko euskararen maratoiaren barruan elkartu ziren Zigor DZ eta Unai Muñoa bertsolaria.


Lehen pausu "serioak" Bilbon eman genituen (aurrez Zigor Dz eta Unai Muñoak saiakeraren bat eginda zuten). Unai Iturriaga, Igor Elorza, Jon Maia eta Selektah-ko Daddy Jeff eta Molte Mc abeslariak aurrez aurre jarri genituen. Baseen ardura berriz, Zigor Dz eta geurea. 

Ondoren, Bertso sound system edo Bertsound system izenarekin hamarnaka saio egin genituen Euskal Herri osoan zehar (webean horietako batzuen berri ematen degu). 

Bertsound system. Lehen saioak.


Saio hauetan, abeslariak (rap mc eta bertsoalriak), break dantzariak eta disko jartzaileak elkarlanean aritzen ginen. Maitasun/gorroto bizikidetzan :-) 

Getxoko antzokian 2003an eskainitako saioaren backstage-a.  Break dantzaria, Afrikan Simba, Stamer, Marta, Daddy Jeff eta ni.


Bertsolarien artean

Unai Muñoa (hasieran, bereziki), Xabier Silbeira eta Inaki Viñaspre (titularrak :-) edo Ekaitz Samaniego bertsolariek parte hartzen zuten (beste batzuen artean, barkatu guztien aipamena ezin egitea). 

Rap mc-ak: 

Rap abeslarien artean berriz, (nagusiki) Daddy Jeff, Maisha Mc eta Endika Lahaine (121krew) aritzen ziren (besteak beste, barkatu guztien aipamena ezin egitea). Ezin ahaztu Rufo, Beatbox masterra :-) 
Tarteka Invert rap abeslaria ere aritzen zen (estatu mailan Batalla de Gallos estiloan ezaguna). 

Break dantzariak: 
Asko ziren parte hartzaileak, baina ez ziren beti berdinak (batzuk aipatzen ditugu baina asko gehiago aritu ziren tarteka.Barkatu guztien aipamena ezin egitea). Saio gehienetan, Urban 13ko (Marta, Diego eta ikasle-lagunak), Txino, Angel Mekhoy eta Amaia, Txiki, Chimid eta Jaione Jaifun aritzen ziren. Azken honek, hip-hop dantza ikusgarriak eskaintzen zituen (break estilotik zertxonbait aldenduta).  

Disko jartzaileak: 
Zigor DZ, Daddy Jeff eta Aritz Sound System. 

Sendi ederra osatu genuen Euskal Herri osotik zehar bertsolaritza eta hip-hop musika beltzaren arteko maitasun harremana zabalduaz :-) 


Horrela aurkezten genuen publikoki: 

BERTSOUND SYSTEM 

Bertsolaritza euskal kulturaren parte garrantzitsua da. Urteetan, hitzak, errimak eta melodiak Euskal Herriko plaza eta txoko askotan gure izaeraren erakusle izan dira. Kultura desberdinen arteko harremanak, baketsuak izan direnean behintzat, aberastasuna ekarri diete herriei. Oraingoan, Euskal Herrian sortutako bertsolaritza, AEBetako auzo afroamerikar txiroetan sortutako hip-hop mugimenduarekin eta Jamaikako reggaearekin uztartuko ditugu. Zer aterako ote maitasun harreman honetatik? 

HIP-HOP MUGIMENDUA 
Euskal Herrian geroz eta gehiago dira Hip-Hop kulturagatik erakarrita sentitzen direnak. Hip-Hopa 80. hamarkadan AEBetako auzo txiroetan sortutako mugimendua da, espresiobidea. Ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da Hip-Hopa eta horretarako, idei eta sentimendu horiek adierazteko, baliabide desberdinak erabiltzen ditu: 
Rap musikak, doinu, erritmo, errima eta letren bitartez, ahozko espresioa adierazten du, kantatzeko eta musika egiteko modu berezia (scratcharen teknikak lagunduta). Break dantzak gorputzaren espresioa ahalbideratzen du. Gorputza, lurrarekin harreman estuan eta musikaren laguntzaz, mugimendu ikusgarrien bidez, espresio tresna bilakatzen da. Grafitiarekin, idei eta sentimenduak, irudi bihurtzen dira. Espraiaren teknika erabiliaz panel edo paretak orri zuriaren papera jokatzen dute. 

AZALPENA 
Bertsound System (Bertso Rap sound system) izeneko egitasmoan bertsolaritza eta hip-hop mugimenduaren arteko harremana zirikatu nahi dugu. Jatorri oso desberdinak izanda ere, komunean osagai asko dituzte bi kulturek. Biek erabiltzen dute hitza gauzak adierazteko, biek dute errima eta biek goxatzen dute hitza melodia eta erritmoaren bitartez. Bertsolari-rapeatzailearen trebezia ezinbestekoa da. 

EGITURA 
Parte hartzaileak 
Bertsolariak, rap abeslariak graffiti margolariak, disko jartzailea (Aritz Sound System, DZ) eta break dantzariak (Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorrita). 
Bertsoa, errima, musika, erritmoa margoa eta dantza. 

Mc Txirrita DVDaren azala.


MC TXIRRITA DVD 
Maitasun harreman honen emaitzaren berri ematen digu, Xabier Silbeira bertsoallriaren ikuspegitik MC Txirrita: bertsoaren eta raparen maitasun istorioa izeneko dokumentalak. Horrela aurkeztu genuen Gaztezulo aldizkarian: 

2010/02/04 
MUSIKA 
KRITIKA 

Testua: Aritz Sound System 
Xabier Silveira 
104.zenbakia 

Xabier Silbeira Durangoko azokan.


Xabier Silveira zirikatzaile amorratua da, ipurtarina. Batzuentzat amildegi gaindiezina dena tentazio ekidinezina da berarentzat; frogatu, dastatu eta esperimentatu beharrekoa. Are gehiago eztabaida eta polemika sortu badezake. Rapak eta bertsolaritzak aspaldi ezagutzen zuten elkar, bistaz bazen ere. Azken urteotan, ordea, gehiago hurbildu, hizketan hasi eta harreman ona sortu dela dirudi. Hasi besterik egin ez den harreman honen alderdi batzuk jasotzen ditu, hain zuzen ere, DVDak: Bertsound systemaren saioak Doka eta Loiolako gaztetxean, parte hartzaile batzuen hitzak, Anitzak Hitzak ekimena eta Unai Mu"oak Xabierri egindako elkarrizketa.

ARITZ SOUND SYSTEM

 

JARRAIPENA


Iñaki Viñaspre (erdian), rap/reggae baseekin primeran moldatzeko duen trebezia erakutsiaz. (Arg:Dospordos).

2010. urtetik aurrera, zorionez, bertsoak eta musika beltza elkartzen zituzten hainbat saio eta emanaldi egin izan dira. Horien artean (guk ezagutzen ditugunen artean, behintzat), azpimarratzekoa iruditzen zaigu Gasteizen egiten den Ekaitz is in da house izenekoa. Ekaitz Samaniego bertsolariaren gartzeleratzearen ondorioz sortutako elkartasun ekimena da eta bost urtez egin izan da. bertsolari eta abeslari eta musikari/disko jartzaile desberdinak elkartu izan ditu estilo librean. Horien artean, ezin falta Iñaki Viñaspre bertsolari handia, bere garaian bertsound systemetan parte hartzen zuena. Besarkada handia Iñaki, Ekaitz eta emanaldi hauetan parte hartu duen jende guztiari. 

Informazio gehiago: HEMEN